XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Neguko txapelketa handiena bihartik

Antzuolan hasiko da bihar taldeen arteko txapelketa.

Zortzi modalitate ezberdinetan 88 kirolari ariko dira 8 taldetan.

Finala abenduaren 14an izango da.

DONOSTIA

Koldo ALDUNTZIN

Sokatira, orga jokoa eta abere zein gizon probak kenduta, herri kirol guztiak izango dira ikusgai bihar hasi eta abenduaren 14a bitarte.

Euskal Herriko eta herrialdeetako federazioek antolatuta, taldeen arteko ETB-DV txapelketa jokatuko da orain dela bi urte bezala.

Hamaika kirolariz osaturiko 8 talde ariko dira lehian.

Federazioak aipatu digunez, gaur bilduko da Euskal Herrikoa arratsaldeko 7,30ean azken ikutuak emateko arautegi berriari, batez ere, harrijasotzaileei eta neskei dagozkiena.

Txapelketak, behealdeko taulak adierazten digun bezala, zortzi jardunaldi izango ditu eta finala.

Hala ere, badu berezitasunik Torneo honek; hitz bitan azaltzen saiatuko garena.

Joan-etorriko liga sistema erabiliko da, baina joaneko aurreneko lau jardunaldietan elkarren kontra ariko diren bi taldeak, zozketaz erabaki badira, gainerako lauretan lortutako denboren arabera jardungo dute.

Txapeldun asko

Jardunaldi bakoitzeko lehiari dagokionez, berriz, bi itzuli egingo ditu talde bakoitzak bata bestearen atzetik.

Baina, talde bat lokotx biltze probarekin hasiko da eta bestea trontzarekin eta taulan azaltzen dugun ordenan ekingo diete proba guztiei, segidan.

Horrekin, lehiak proba osoan emozioa izan dezan lortu nahi da.

Txapelketaren Bigarren itzulian, taldeak, aurrenekoan lorturiko denboren arabera parekatuko dituzte.

Taldeek Euskal Herriko mendi eta ibaien izenak dituzte, eta hauen osaketa, beren artean oreka egon dadin pentsatua dago.

Horregatik, herrialde ezberdinetako kirolariak agertzen dira taldeetan.

Hauek, dieta bat izango dute parte hartzen duten jardunaldi bakoitzean.

Egutegia nahiko zehaztua dago, baina gerta liteke aldaketaren bat oraindik.

Horietako bat lehen jardunaldiari dagokio, Azkainen baitzen jokatzekoa, baina Antzuolan (Gipuzkoa) izango da bihar 12.00etan, pilotalekuan.

Gehienetan ordutegi horretan hasiko dira saioak eta ETBk arratsaldeko 4.30ean eskainiko ditu diferituan.

Kirolariei dagokienez ere, gerta litezke aldaketak ezintasunak medio.

Aratz taldean esate baterako, Roberto Larranuak ez du lehen jardunaldi honetan aritzerik izango eta bere ordez Diego Tirapu ariko da.

Talde guztietan daude kirolari eginak, eta gainbegiratu txiki bat emanda, Orhi eta Aratz taldeak izan daitezke erreferentzia.

Bi talde hauek lehiatuko dira hain zuzen ere, biharko lehen jardunaldian.

Txapeldun asko ariko da txapelketan: Satur eta Patxi Salbidea, Euskal Herriko trontzalari txapeldunak; Roman Hierro, txinga eroate txapelduna, Xanti Azurmendi, lokotx biltze txapelduna; Lapazaran, ingude altxatze txapelduna eta Muniozguren, lasto altxatze txapelduna, besteak beste.

Orhi eta Aratz, hasteko

Horiekin batera, Xabier Orbegozo Arria II.-a, Juan Lertxundi, Eduardo Eugi, Andre Arbenoitz, Jon Beristain, Roberto Ruiz, Angel Sanpedro, Patxi Larretxea, Arana-Behobide, Isaac Martinez, Jesus Mari Pato, Jaime Etxegarai, Pello eta Manuel Kañamares, Javier Arriola Egi, eta abar.

Orhi taldean kirolari hauek ariko dira: Suhas lokotxetan, Andres Etxeberria ingudean, Egaña lastoan, Jorajuria eta Larzabal zakuetan, Lertxundi txingetan, Iñaki Beitia aizkoran, Pagoaga eta Mugartegi trontzan eta Mitxel Laasa harrian.

Egaña mutrikuarra izango da kapitaina.

Aratz taldeari dagokionez, Tirapu lokotxetan, Lacosta ingudean, Eugi lastoan, Castello eta Arbenoitz zakuetan, Verhoye txingetan, Valeriano Aranburu aizkoran, Esteban eta Martin Pikabea trontzan eta Jon Beristain harrian.

Esteban Pikabea izango da kapitaina.

Esan dezagun azkenik, txapelketa hau ez zela iaz jokatu, orain bi urte baizik.

Helburu nagusia, urtean zehar gutxi plazaratzen diren kirolariei aukera ematea da, eta horrez gain, neguan etenaldi luzerik ez izatea.

Hitz batez, kirola egiten jarrai dezatela gazteek.

Bestalde, hain ezagunak ez diren kirolek ere, bultzadatxo izango dute.